Etorkizunerako legatua

Lee este artículo en castellano

Cristóbal Balenciaga joan zenetik 50 urte bete dira gaur, martxoaren 23an; 77 urte zituela zendu zen Valentziako La Sagrada Familia ospitalean, gaitz kardiako baten ondorioz.

Balenciaga maisua izan zen bere kideen artean; silueten eskultorea, oihalen eruditua, mozketan aditua. Sinpletasuna eta erosotasuna oinarri hartuta, elegantzia femeninoaren kontzeptu berri bat landu zuen.

Getariar isil bat, Parisera iritsi eta nagusi izan zena, modaren erritmoa markatu baitzuen hiru hamarkada baino gehiagoan. 

1968ko maiatzaren 22an iragarri zuen bere erretiroa, eta hedabide batzuek «aro baten amaiera»tzat jo zuten[1]. Ondorengorik gabeko erretiroa izan zen, eta, ondorioz, Parisen eta Espainian zituen etxeak itxi behar izan zituen; Espainian, urte bat gehiago luzatu zen itxiera-prozesua. 

Modaren mundua hunkitu zuen erabaki horren atzean, sasoiko aldaketa sozial garrantzitsuak zeuden; bere bizitza osoa eman zion negozioa eraldatzera behartzen zuten: aldaketak eskarian, oihalen hornikuntzan, eskulanaren kostuetan… Bizitzaren une hartan, horrek guztiak etenik gabeko berrogeita hamabi urteko ibilbide profesionalak eragindako nekea areagotu bide zuen.

Goi-mailako jantzigintzako sortzaile gisa izan zuen bizitza oso diskretutzat jo daiteke, ia enigmatikotzat; bada, hortik kanpo egin zituen azken urteak are pribatuagoak izan ziren. Eta, hala ere, paradoxikoki, sasoi horretan eskaini zituen bizitzan eman zituen bi elkarrizketa bakarrak. Lehena, 1968ko abuztuaren 10ean, Virginie Merlini, Paris Match aldizkariarentzat, La Reinerien zeukan landetxetik. Titularra: «Balenciaga devient un visage». Elkarrizketan, hurbil eta lasai agertzen da. Bigarrena eta azkena –dakigula– hiru urte geroago eman zion The Timesi; Prudence Glynn kazetariak izenburu efektista hau jarri zion: «Balenciaga and la vie de un chien».

Aldizkari ofizialaren digitalizazioa Cristóbal Balenciaga Museoaren Artxiboetan. CBM 2014.542ab

Elkarrizketotan, Cristóbal, gizon ikusezina beti, hizketan entzuten dugu, eta ulertzen dugu, neurri handi batean, hamabi urte soilik zituela Casa Torresko markesarentzat –beraren amaren bezeroa– janzki bat josten ausartzera eraman zuen pasioa. 

Eta ulertzen dugu, halaber, zer presio dakarren gorenean egoteak, mende erdi batez sortzen aritzeak eta, zuzenean edo zeharka, bere mende zeuden hainbeste jendez osatutako enpresa-egitura horri eusteak. Atsedenik gabeko lana zen, denboraldiz denboraldi.[2]

Bere ondare pertsonaletik Cristóbalek soilik sinaturiko elkarren segidako kapital-zabalkuntzak, likidezia txertatu eta hornitzaile eta langileen ordainketei aurre egiteko; kolaboratzaile fidel eta beteranoenak «kolokatzeko» ahaleginak; Madrilgo lan-gatazkak, ezin saihestuzko itxiera atzeratu zutenak[3]; Parisko maniki guztiek sinatutako zilarrezko kutxa; eskerrak eta gaitzespenak; istorio-txatalak dira, gogorarazten digutenak amaierak beti ez direla apoteosikoak eta ez dagoela modu perfektuan igarotzen den bizitzarik. 

Balenciagak erronka eta zailtasunei egin behar izan zien aurre bere ibilbide profesionalean –ez alferrik, eutsi egin zion bere negozioari bi gerren artean–, baina, zalantzarik gabe, gozatu ere gozatu zuen beti bere bokazioari segitzeaz, arrakasta izateaz sorkuntza- eta enpresa-alderdietan, eta errespetua eta aitortza bizirik zela jasotzeaz.

C.B. inizialak grabatuta dituen zilarrezko kutxa; oinarrian Parisko etxeko cabineko manikien sinadurak ditu, 1968 © Cristóbal Balenciaga Museoa. Argazkia: Jon Cazenave. 
Züricheko Bellerive museoaren «Balenciaga» erakusketaren 1970eko maiatzaren 30eko inauguraziorako gonbidapena. © Bellerive Museum.

Donostiara itzuli zenean ez zen lanik gabe egon. Zenbaitetan, lagunentzat lan egin zuen, eta, are, prêt-á-porter modarekin zerikusia zuen enpresa-ekimen batean parte hartu zuen, baina ez zuen aurrera egin.[4]

Garai horretan jaso zuen, gainera, saihestu ezinezko beste enkargu bat: Carmen Martínez-Bordiuren eztei-soinekoa. Bere bizitzako desfilean, moda-etxeen desfileetan bezala, ezkongai horren soinekoa izan zen ibilbide luze eta oparoko azken lana. 

Zeregin hori amaitzean, atseden-egun batzuk hartu zituen Xàbiako Paradore Nazionalean, Ramón Esparza eta bere ilobarekin batera; kosta mediterraneoko klima lagungarriaren eta lasaitasunaren bila jo zuen hara.

Martxoaren 22an, bihotzak huts egin zion. Urgentziaz ospitalera eraman zuten, eta hurrengo goizean hil zen.

Hurrengo egun eta asteetan, irrati-albistegiek gertaeraren berri eman zuten, eta heriotza-oharrak argitaratu ziren, bat bestearen atzetik. Munduko hiriburu garrantzitsuenetako egunkarietako izenburuak eta Europa eta Ameriketako tokiko egunkarietakoak; guztiak bat etorri ziren: Erregea hil da[2]

Maiatzeko zenbakian, Vogue aldizkariak agur esan zion Balenciagari, eta, horretarako, lehen aldiz argitaratu zituen haren izaera fidelen irudikatzen zuten Cartier-Bressonen irudi ikonikoak, sortzen ari zen unean bertan egindakoak. Horiekin batera, Violette Leducen 1965eko aipu bat, zeinak artista eta sortzaile gisa goresten duen.

“Jantzi bat diseinatzen duenean, Balenciagak zizelkatu, margotu eta idatzi egiten du. Horregatik dago beste guztien gainetik. Jantziak sortzea, behin eta berriz eredu berdinetik abiatuta, une oro hautatzea da, gelditu gabe. Bizitzen jarraitzeko arnasa hartzen dugun bezalaxe. Hautatzea da oraindik formarik ez duenari adore ematea, jaio ez denari bizia ematea. Horretan, Balenciaga gailena da”. 

Familia eta bizi osoko lagun, kide eta kolaboratzaileek agur esan zioten Cristóbal Balenciagari, Getarian. 1972ko martxoaren 25a

Martxoaren 25ean, azkenean, etxera itzuli zen, Getariara. Iluntzean atera zen elizatik, Kale Nagusian barrena. Familia, laguntzaile, lankide, lagun eta herritarrekin batera eraman zuten muinoaren gaineko hilerri txikira –itsasora begira dago–.

Gaur dira berrogeita hamar urte Cristóbal Balenciaga hil zela. Hedabideetan, haren bizitzaz hitz egingo dute; hitzaldiak eta erakusketak antolatuko dira.

Getarian, urtero legez, lore zuriak egongo dira haren hilobiaren gainean, non Martina amarekin batera dagoen ehortzirik. Haren arimaren alde otoitz egingo da Salbatore elizan; izan ere, fededuna zen, eta, zalantzarik gabe, eskertuko luke bere alde otoitz egitea.

Balenciagaren izena daraman museoan, lantaldeko kide guztiok apur bat gehiago ahaleginduko gara. Erakusketa berriak prestatuko dira; datu berriak ikertuko dira; argitalpenak egingo dira, eta haren obra zabaltzeko eta interpretatzeko modu berriak bilatuko dira. 

“Moda eta Ondarea, Cristobal» erakusketa Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan. 2020ko martxoa. Argazkia: Idoia Unzurrunzaga. 

Artxiboak diseinu- eta moda-eskolei zabalduko zaizkie; galdu behar ez diren teknikak transmitituko dira; tailerrak dinamizatuko dira, umeek soinekoen gorputzari buruz ikas dezaten, eta historiaz, modaz, teknologiaz eta jasangarritasunaz. 

Mundu osoko bisitariei egingo zaie harrera, turistei nahiz «erromesei»; eta eraikinaren mantentze-lanak egingo dira; aretoak garbitu; ondarea zaindu eta babestuko da; erakundea administratuko da. 

Cristóbal Balenciaga Museoa ez da Balenciagaren legatua zaintzen duen bakarra; hala ere, egunez egun eta urtez urte egiten duen lan jarraitu eta etengabearen bidez, omenaldi etengabea egiten dion erakundea da. Cristóbal Balenciagak irudikatzen dituen balioak ditugu xede eta inspirazio-iturri: zehaztasuna eta lana; sormena eta berrikuntza; soiltasuna eta zintzotasuna.

Egunez egun, eta egunerokotasun honetatik, haren obra eta izatea oroitzen ditugu; ez gaur soilik, baina gaur ere bai.

Miren Vives Almandoz,
Cristóbal Balenciaga Museoko zuzendari nagusia


[1] Enpresa-ekimen horri buruzko informazio gehigarria dago hemen: Zenbaiten artean, «Moda eta ondarea, testuinguruak», Cristóbal Balenciaga Museoa, 2019.

[2] Women’s Wear Dailyko lerroburua, 1972ko maiatzaren 25ean.

[3] Elkarrizketa bien itzulpena euskaraz jasota dago hemen: Zenbaiten artea, «Moda eta ondarea, Cristóbal»,  Cristóbal Balenciaga Museoa, 2020.

[4] Xehetasun horiek eta Eisa S.A.ren Espainiako itxierari buruzko beste xehetasun batzuk daude jasota hemen: Balda, Ana «Balenciaga and la vie de un chien», Fashion Theory, Issue 6. Volume 25, 2021.

[5] Women’s Wear Dailyko lerroburua, 1968ko maiatzaren 23

Dejar un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *